Zibersegurtasuna, mugikortasun jasangarriarentzako lehiarako abantaila berri bat
MUBILek eta ZIURek jardunaldi bat antolatu dute MUBIL Centerren, konektatutako produktuentzako zibersegurtasun eskakizunak ezarriko dituen Europako araudi berria den Cyber Resilience Act (CRA) araudiaren eragina aztertzeko. Topaketak mugikortasunaren eta automobilgintzaren sektoreari lotutako berrogeita hamar bat enpresa eta industria-eragile bildu ditu.
«CRA Legea automobilgintzan: eskakizun erregulatzailetik abantaila lehiakorrera» izeneko jardunaldiak mugikortasunaren sektoreko enpresek Europako merkatuan duten lehiakortasuna mantentzeko araudi-eskakizun berriei aurrea hartzearen garrantzia nabarmendu du.
MUBILeko zuzendari nagusiak, César Gutiérrezek, adierazi duenez, «egungo mugikortasuna eredu konektatu, adimendun eta jasangarrirantz doa, baina segurua ere izan behar du. CRAk zibersegurtasuna diseinutik bertatik integratzera behartzen gaitu, erregulazio-eskakizun bat berrikuntzarako eta gure industriaren lehiakortasuna indartzeko aukera bihurtuz».
Era berean, Eclipse Foundationeko Oniro eta Cloud programetako senior managerra den Juan Ricok «Kodetik harago: CRAk nola birdefinitzen duen softwarearen erantzukizuna eta erresilientzia» izeneko hitzaldia eskaini du. Bertan, sektoreko industria-enpresentzat, fabrikatzaileentzat, garatzaileentzat eta eragile teknologikoentzat interes bereziko alderdi tekniko eta espezifikoetan sakondu du. Jardunaldiak, halaber, araudiak enpresetan duen eragin praktikoa erakusten duten benetako kasuak ezagutzeko aukera eman du.
Horrelako ekimenen bidez, MUBILek mugikortasun jasangarriaren etorkizuna markatuko duten erronka teknologikoei aurre egiten laguntzeko topaguneak eta lankidetza-guneak sustatzen jarraitzen du.