Smobery eta Hoop Carpool proiektuak gailendu dira MUBIL Mobility Awards sarietan, mugikortasun adimendun eta iraunkorraren arloan proposatutako egitasmo iraultzaileei esker
Guriezoko (Espainia) Smobery startup-ak lehen saria eta 12.500 euro irabazi ditu, eta bigarren postua Hoop Carpool madrildarrari egokitu zaio, zeinak 4.000 euro lortu dituen. Bi proiektuek 18.500 euro gehiago ere eskuratuko dituzte beren proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoko eragileekin lankidetzan garatzeko finantzazio moduan. Hala, urtebeteko egonaldia egin ahal izango dute MUBILen edo BIC Gipuzkoaren bulegoetan, eta 2024ko apirilean burutuko den Mubil Mobility Expo azokaren laugarren edizioan doan parte hartzeko aukera izango dute.
Zein proiektuk aldatuko dute etorkizuneko mugikortasuna? MUBIL Mobility Awards ekimenak bi ideia iraultzaile saritu ditu gaur arratsaldean. Lehen saria Guriezoko (Espainia) Smobery startup-ak jaso du eta 12.500 euroko ordainsaria egokitu zaio. Bigarren postua, aldiz, Hoop Carpool madrildarrarentzat izan da, zeinak 4.000 euro eskuratu dituen. Smoberyk estazio adimendunak eta mugikortasun arinerako bateriak kargatu eta trukatzeko soluzio global bat proposatu du, eta Hoop Carpoolek, aldiz, inguruan bizi eta lan egin edo ikasten duten pertsonekin autoa partekatzeko plataforma bat.
Bi proiektuek 18.500 euro gehiago ere eskuragarri izango dituzte finantzazio moduan, proposatutako ekimenak Euskal Autonomia Erkidegoko eragileekin lankidetzan garatu ahal izateko. Gainera, urtebeteko egonaldia egin ahal izango dute MUBILen edo BIC Gipuzkoaren bulegoetan, nazioartean eredugarria den mugikortasun-arloko ekosistema baten barne, CAF, Irizar e-mobility, Petronor, GKN Automotive eta Iberdrola bezalako enpresen ondoan; eta 2024ko apirilean burutuko den Mubil Mobility Expo azokaren laugarren edizioan doan parte hartzeko aukera ere izango dute.
Goizean, Tabakaleran (Donostia) egindako sari-banaketaren aurretik, bi ekimen irabazleek adituen panel baten aurrean defendatu dituzte beren proposamenak, beste bi proiektu finalistekin batera: Luxenburgoko Ridergyk, ibilgailuen flotak modu eraginkor eta fidagarrian elektriko bilakatzeko prozesua arinduko duen SaaS bat aurkeztu du; eta Frantziako (Bagneux) Up & Charge enpresak ibilgailu elektrikoentzako esku libreko karga-sistema automatikoa landu du. Epaimahaiak finalisten kalitate handia azpimarratu du.
Sariak banatzeko ekitaldian izan dira, besteak beste, Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia; Eneko Goia, Donostiako alkatea; Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburua; eta Ane Insausti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu eta MUBILeko presidentea.
Eider Mendozak MUBIL Awards sarietako startup irabazleak zoriondu ditu beren proposamen “aitzindariengatik”, eta ongi etorria eman die lurraldean mugikortasun iraunkorraren eta adimendunaren arloan sortzen ari den ekosistemara, zeinen bitartez lortu nahi den "aukerak eta ideia berriak sortzea, talentua eta ekintzailetza-proiektuak garatzea". "Zubietako mugikortasun berriko MUBIL zentroa martxan izango da datorren urtean, energia biltegiratzeari, power train-ari eta hidrogeno pilari lotutako testatze-laborategi erreferentzialekin. Haren inguruan, gainera, berrikuntza-polo garrantzitsu bat ehuntzen ari gara, aukera berriak sortuko dituena eta gure ETE industrialei mugikortasun jasangarri eta adimendunak ekarriko dituen aldaketetara egokitzen lagunduko diena. Gipuzkoa urrats garrantzitsuak ematen ari da, baina etorkizunean gehiago etorriko dira; elkarlanean, erakunde, enpresa, zentro teknologiko eta unibertsitateek urrats garrantzitsuak emango ditugu, ziur nago", adierazi du.
Ane Insaustik, bestalde, nabarmendu du “MUBIL Poloaren sorreraren abiapuntua dela mundua modu adimendun eta jasangarriagoan mugitzen lagunduko duten ekimenak sortu eta bultzatuko dituen ekosistema bat indartzea, Gipuzkoari garapen ekonomikoa eta gizarte-ongizatea emanez. Maila guztietan lankidetzan arituz, puntako teknologia garatuz, berrikuntza irekiko inguruneak garatuz, etorkizunerako ikuspegiarekin eta nazioarteko bokazioarekin. Azken batean, gure lehiakortasunaren motorra diren balioak indartuz, esparru honetan eta beste batzuetan. Funtsezkoa da ekosistema hori aberasten eta zabaltzen jarraitzea, eta sarituak bezalako enpresa-proiektu berritzaile berriekin aliantzak egiteak gehiago hurbiltzen gaitu Gipuzkoa mugikortasun berrian erreferente bihurtzeko helburura. Eta lurralde eremutik, hemen eta orain, erronka global garrantzitsu bati erantzuteko helburura”.
Ekitaldia gizarte-berrikuntzaren arloan aditua den Antonella Brogliak zuzendu du. Adierazi duenez, “MUBIL EAEko 100 erakunde baino gehiagok osatutako sarea da eta administrazio publikoak, enpresak eta ikerketa-zentroak hartzen ditu barne. Elkarrekin mugikortasun adimendunaren eta iraunkorraren munduko erreferente izateko lan egiten dute".
Irabazleen aurkezpena
Smoberyk ibilgailu arinen bateriak kudeatu eta kargatzeko irtenbide global, iraunkor eta irekia defendatu du epaimahaiaren aurrean. Enpresaren zuzendari José Ignacio La Torrek azaldu duenez, Espainian 600.000 moto eta ziklomotor, 1.300.000 bizikleta eta 300.000 patinete inguru saltzen dira urtero, baina ibilgailu horien % 20 baino ez dira elektrikoak. Ehuneko hori handitzeko oztopoak baterien autonomia eskasa eta gehiegizko karga-denbora dira, eta horri baterien estandarizazio falta gehitu behar zaio. Soluzio gisa, banagailuen sare adimendun baten aldeko apustua egiten dute. Sare horretan, erabilitako bateria kargatutako batengatik trukatu ahal izango dute erabiltzaileek minutu batean.
Bestalde, Paloma Martín Benitok, Hoop Carpool-eko CEOak, datu sendo bat mahai gaineratu du: Madril bezalako hiri batean egunero 5 milioi joan-etorri egiten dira autoz, 1,2 pertsonako batez besteko okupazioarekin. Hau da, egunero 7,5 milioi eserleku hutsik mugitzen dira. Egoera horren aurrean, nabarmendu du bere SaaS plataformak aukera ematen duela "lanerako edo unibertsitaterako autoz egindako ibilbideak optimizatzeko”, eta horrek pertsonei “mugitzeko askatasuna” ematen diela, baita “erakundeei kudeaketa-lanak erraztu” ere.
Epaimahaia
Epaimahaia honako hauek osatu dute: Javier Izquierdo AEDIVEko zuzendari teknikoak, Carolina Rodríguez Arias ENISAko Sustapen arduradunak (Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioa), Ignacio Martín Repsoleko, Acerinoxeko eta Repsol Renovableseko Iraunkortasun Batzordeko kontseilariak, Imanol Rego Irizar Groupeko CEOak, Jokin Lopetegi CAFeko Garapen Korporatibo eta Negozio Berrietako arduradunak, Marisa Arriola BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaileak eta Xavier Sánchez ENION Venture Partners-eko bazkideak.
Sarien laguntzaile dira CAF, Irizar e-mobility, Petronor, GKN Automotive edo Iberdrola bezalako enpresak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Espainiako Gobernua, Energiaren Euskal Erakundea, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra, EIT InnoEnergy, EIT UrbanMobility, AEDIVE eta Gipuzkoako Bazkundea.
MUBILek Euskadin mugikortasun adimendun eta jasangarriaren arloan ekimenak bultzatzen dituzten eragile publiko eta pribatuen ahaleginak biltzen ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan sortu zen MUBIL, eta Eusko Jaurlaritzaren eta EEEren (Energiaren Euskal Erakundea) babesa du. Bere ekintza-ardatzen artean daude eragileen arteko lankidetza, ezagutzaren kudeaketa, azpiegitura teknologikoa eta ekintzailetza. Gainera, aurreikuspenen arabera, 2024ko urtarrilean jarriko dute martxan MUBILen behin betiko egoitza Donostian. 10.000 m2-ko instalazioak izango ditu, punta-puntakoak, eta inguruan beste 38.000m2 edukiko ditu, non beste eragile batzuen ekimenak ezarriko diren, hala nola CEIT, CIDETEC, TECNALIA, VICOMTECH eta City Science Lab Gipuzkoa proiektua, MITeko Media Lab taldearekin lankidetzan.
Gehiago irakurri