Nazioarteko hiru proiektu eta Estatuko bi iritsi dira MUBIL Mobility Awards sarietako finalera
Sarien hirugarren edizio honetara 36 proiektu aurkeztu dituzte. Irabazleak urriaren 26an egingo den ekitaldi batean ezagutaraziko dira.
MUBIL Mobility Awards sariek mugikortasun adimendunaren eta jasangarriaren arloko ekimenak bultzatu nahi dituzte, eta dagoeneko hautatu dituzte azken fasera igaroko diren bost proiektuak. BIC Gipuzkoako eta MUBILeko teknikariek osatutako batzorde teknikoak 36 hautagaitzaren artean (horietatik 10 nazioartekoak) aukeratu ditu finalistak. Parte-hartze zifrak iaz baino hobeak dira, eta agerikoa da sari hauek nazioartean gero eta aintzatespen handiagoa dutela.
Madrilgo Hoop Carpool enpresak autoak partekatzeko plataforma bat aurkeztu du, gertu lan egiten edo ikasten duten pertsonei zuzendua. Luxenburgoko Ridergy-k, berriz, SaaS bat (softwarea zerbitzu gisa) proposatu du, B2B negozio eredukoa, ibilgailuen flotak modu eraginkor eta fidagarrian elektrifikatzeko. Londreseko Smart Kiwi enpresak ere datu historikoak aztertu eta etorkizuneko eskari-patroiak denbora errealean aurreikusten dituen SaaS bat aurkeztu du. Bestalde, Guriezoko (Espainia) Smobery enpresak estazio adimendunak eta mugikortasun arinerako bateriak kargatu eta trukatzeko soluzio global bat proposatu du, eta Frantziako (Bagneux) Up & Charge enpresak, aldiz, ibilgailu elektrikoentzako esku libreko karga-sistema automatikoa landu du.
Bost finalista hauetatik bi izango dira garaile, eta urriaren 26an egingo den ekitaldi batean ezagutaraziko dira. Ekitaldi hori gizarte-berrikuntzaren arloan aditua den Antonella Brogliak zuzenduko du hirugarren urtez jarraian, eta finalistek pitch formatuko aurkezpenak egingo dituzte publikoaren aurrean, euren ekimenek etorkizuneko mugikortasuna nola aldatuko duten azaltzeko. Aurretik, goizez, epaimahaiaren aurrean defendatuko dituzte proiektuak.
Lehenengo eta bigarren sailkatuek 16.500 euroko saria jasoko dute, eta beste 18.500 euro finantzazio moduan, euren proiektuak mugikortasun adimenduneko eta jasangarriko euskal ekosistemako eragileekin lankidetzan garatu ahal izateko. Gainera, MUBIL Hub eremuan parte hartzeko aukera izango dute 12 hilabetez, baita MUBIL Mobility Expo erakusketan stand propioa izateko aukera ere, mugikortasun iraunkorraren Europa hegoaldeko industriaren topagune profesionalean ere parte hartu ahal izateko.
Sarien laguntzaile dira CAF, Irizar e-mobility, Petronor, GKN Automotive edo Iberdrola bezalako enpresak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Espainiako Gobernua, Energiaren Euskal Erakundea, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra, EIT InnoEnergy, EIT UrbanMobility, AEDIVE eta Gipuzkoako Bazkundea.
Epaimahaia honako hauek osatzen dute: Arturo Pérez de Lucía AEDIVEko zuzendari nagusi eta AVEREko lehendakariordeak, Carolina Rodríguez Arias ENISAko Sustapen arduradunak (Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioa), Ignacio Martín Repsoleko, Acerinoxeko eta Repsol Renovableseko Iraunkortasun Batzordeko kontseilariak, Imanol Rego Irizar Groupeko CEOak, Jokin Lopetegi CAFeko Garapen Korporatibo eta Negozio Berrietako arduradunak, Marisa Arriola BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaileak eta Xavier Sánchez ENION Venture Partners-eko bazkideak.
MUBILek Euskadin mugikortasun adimendun eta jasangarriaren arloan ekimenak bultzatzen dituzten eragile publiko eta pribatuen ahaleginak biltzen ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan sortu zen MUBIL, eta Eusko Jaurlaritzaren eta EEEren (Energiaren Euskal Erakundea) babesa du. Bere ekintza-ardatzen artean daude eragileen arteko lankidetza, ezagutzaren kudeaketa, azpiegitura teknologikoa eta ekintzailetza. Gainera, aurreikuspenen arabera, 2024ko urtarrilean jarriko dute martxan MUBILen behin betiko egoitza Donostian. 10.000 m2-ko instalazioak izango ditu, punta-puntakoak, eta inguruan beste 38.000m2 edukiko ditu, non beste eragile batzuen ekimenak ezarriko diren, hala nola CEIT, CIDETEC, TECNALIA, VICOMTECH eta City Science Lab Gipuzkoa proiektua, MITeko Media Lab taldearekin lankidetzan.
2022an ospatutako bigarren edizioan, MUBIL Mobility Awards sarien irabazleak Green Eel madrildarra eta Nemi kataluniarra izan ziren. Lehenengoak energia elektriko jasangarria biltegiratzeko eta hornitzeko sistema malgu eta eramangarria proposatu zuen, eta bigarrenak, berriz, dentsitate txikiko eremuetan garraio publikoa errazteko proiektua aurkeztu zuen, autobus-zerbitzu malguak ahalbidetzen zituen software-soluzio baten bidez.