26.03.26

MUBILek lankidetza eta berrikuntza aplikatuaren balioa indartu du MUBIL Mobility Expo-ren bigarren jardunaldian

Lehen jardunaldiaren ondoren, MUBILek gaur ere bere ekosistemaren potentzial osoa erakusten jarraitzen du Ficoban egiten ari den MUBIL Mobility Expo-n.

MME bigarren jardunaldia

Bigarren jardunaldi honek MUBIL ekosistemako enpresen, startupen eta eragileen arteko lankidetzatik sortzen diren emaitza ukigarriak azpimarratzen ditu. Testuinguru honetan, euskal eragileekin elkarlanean garatutako hainbat proiektu aurkeztuko dira, neurri batean MUBIL Mobility Awards bezalako ekimenen babesari esker bultzatuak.

MUBILen standak gaur MUBIL Awards Collaboration Experience saioa hartuko du; mugikortasun adimendun eta jasangarriaren arloan berrikuntza eta lankidetza bultzatzea du ardatz. Topaketa honetan azken MUBIL Mobility Awards sarietako startup irabazleek parte hartuko dute, eta euskal ekosistemarekin lanean izandako esperientzia partekatuko dute. Horien artean daude ESEA Propulsion (2025eko irabazlea), NOVAC eta BATTBELT (2024ko edizioko lehen eta bigarren sailkatuak), zeinek TECNALIA, BATTERA, IKERLAN edo CIC energiGUNE bezalako erreferentziazko eragileekin batera garatutako proiektuak aurkeztuko baitituzte. Saioa bereziki zuzenduta dago benetako lankidetza-kasuak eta irtenbide berritzaileen garapena ezagutu nahi dituzten enpresei, inbertitzaileei eta garatzaile teknologikoei.

Jardunaldiak, halaber, MUBIL Hub Development Experience saioa hartuko du; bertan, MUBILen eskutik bultzatutako lankidetza-lana balioan jarriko da, Euskadiko mugikortasunaren industria-sarea indartzeko helburuz. Hubeko enpresek, hala nola BELCOR by ORKLI, EDERBATT eta MOOV-Drive-ek, beren azken garapenak aurkeztuko dituzte, material aurreratuak, energia-biltegiratzea edo mugikortasun elektrikoa bezalako arloetan.

Era berean, Euskadiko automobilgintzaren sektorean zibersegurtasunaren egungo egoera aztertuko da, hornikuntza-katearen erronkak eta indarrean dagoen araudiaren eragina aztertuz. Jardunaldia networking gune batekin amaituko da, koktel formatuan, ezagutza-trukea eta lankidetza-aukera berrien sorrera sustatzeko.

Nabarmentzekoa da EIT Urban Mobility-rekin batera antolatutako mahai-ingurua; bertan, Europako hainbat hiritako arduradunek mugikortasun-irtenbideen ezarpenaren benetako kasuak aurkeztuko dituzte, haien hedapenean lortutako arrakastak zein aurkitutako erronkak aztertuz. 

Arratsaldean, arreta hidrogenoan oinarritutako mugikortasunean jarriko da, Pirinioetan mugaz gaindiko lankidetzari buruzko saio espezifiko batekin, POCTEFA PHYRENE Europako proiektuaren baitan. Bertan, errepide bidezko garraioaren deskarbonizazio-aukerak eta eskualde-mailako hidrogeno-azpiegituren garapena landuko dira.

Agendak jarduera paraleloak ere barne hartzen ditu, hala nola Basque Energy Cluster-eko Karga Elektrikoaren Foroa, Direbús Autokar Enpresen Elkartearen Batzar Nagusia, eta BH2C-ren Mugikortasun Bertikalaren VII. Topaketa.
 

Gehiago irakurri
JARRAITU GURE KANALAK

Informa zaitez MUBILen gaineko albisteez gure kanalen bidez.