19.06.25

MUBIL eta BASQUENERGY Cluster taldeek enpresa-misio bat antolatu dute EVS38 (Göteborg) ekimenarekin lankidetzan eta mugikortasunaren alorreko EAEko 9 enpresaren partaidetzarekin

AVL, Battera, Cauchopren, Tornillería DEBA, Elay, EVsare, Gertek, Masermic eta Reiner Group enpresez osatuta egon da euskal ordezkaritza, MUBIL eta BASQUENERGY Cluster taldeek koordinatua eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren (Gipuzkoako Bazkundea) laguntzarekin. Sektoreko ordezkariekin harreman berriak ezarri ditu euskal ordezkaritzak, eta bertatik bertara eskuratu du mugikortasun jasangarriaren inguruko egungo egoerari eta azken garapen teknologikoei buruzko informazioa.

MUBIL eta BASQUENERGY Clusterraren delegazioa EVS38 2025ra

International Electric Vehicle Symposium and Exhibition (EVS) ekimena 1969an abiarazi zen informazio teknikoaren trukea sustatzeko foro akademiko gisa, eta, harrez geroztik, bere irismena zabaldu du, nola mundu akademikora hala enpresa-mundura bideratutako biltzarra eta azoka bihurtu arte, mugikortasun elektriko adimentsu eta jasangarriaren inguruko nazioarteko topaketa nagusietako bat izateraino. MUBIL eta BASQUENERGY Cluster taldeek, Gipuzkoako Ganberaren babesarekin, enpresa-misio bateratu bat koordinatu dute, EVS38rekin batera, sektoreko 9 euskal enpresaren ordezkaritzarekin (Suediako hiri Göteborgen egin zen EVS38, ekainaren 16tik 18ra): AVL, Battera, Cauchopren, Tornillería DEBA, Elay, EVsare, Gertek, Masermic eta Reiner Group. MUBILen aldetik, misio hau MUBIL Hubeko talde profesionalen dinamiken barruan gauzatutako ekintzen parte da, dinamikon helburua enpresei laguntzea izanik mugikortasun adimentsu eta jasangarriaren garapenean; 2021az geroztik egiten ari dira dinamika horiek, Gipuzkoako Ganberaren laguntzarekin.

Aurtengo edizioan bisitari eta erakusketarien kopurua txikiagoa izan da azokan, baina partaidetza handia izan da, ordea, mintzaldietan (350 hizlari baino gehiago), eta agerian geratu da Suediak –bereziki, Göteborgek– bere garraioaren elektrifikazioaren aldeko apustu sendoa egin duela. Suedia, izan ere, aitzindaria da proiektu berritzaileetan eta mugikortasun elektrikoaren alorreko punta-puntako teknologian, balio-kate osoa biltzen duen lankidetza publiko-pribatuko ekosistema bati esker. Hala, ibilgailu elektrikoetarako 37.166 kargagailu ditu, horietako 32.413 korronte alternokoak –karga motelekoak– eta 4.753, berriz, korronte zuzenekoak, hots, karga azkarrekoak.

Ordezkaritzak bertatik bertara egiaztatu du sektorearen egoera: sektoreak bilakaera teknologiko handia izan du, eta, horri esker, elektrizitatea kargatzeko gero eta ekipo bizkorragoak eta potentzia handiagokoak gara daitezke. Garraio astuna elektrifikatzeko soluzioak nabarmentzen dira; horri dagokionez, Scaniak bere kamioi-gama berri bat merkaturatu du, karga azkarreko Megawatt Charging System estandarra (MCS) eta karga-kudeaketa adimenduneko (Smart Charging) eta potentzia-optimizaziorako software-plataformak txertatzen dituena, eta, halaber, V2G (vehicle-to-grid) teknologiak aurrerakada handia izan du (biltegiratze-ahalmena eta sare-malgutasuna hobetzea ahalbidetuko du teknologia hark).

Egonaldian, euskal enpresek aukera izan dute standetara joateko eta bilerak egiteko Europako mugikortasun elektrikoaren garapenean inplikatutako fabrikatzaile, ikerkuntza-zentro eta elkarteekin, hala nola hauekin: Volvo Group, IVECO, Siemens Energy, e-mobil BW (Baden-Württemberg estatu federaleko mugikortasun-klusterra), Chalmers Institute of Technology, Bosch Mobility, RISE (Research Institutes of Sweden), Vitesco, Renault Group, Valeo, E-Mobility Europe (Mugikortasun Elektrikorako Europako Elkartea), Hubject eta Daimler Truck. Topaketa horiek elkar ezagutzea eta lankidetzarako aukerak identifikatzea erraztu dute, EAEko industriak nazioartean duen ikusgarritasuna eta posizionamendua hobetzen laguntzeaz gainera.

Gehiago irakurri
JARRAITU GURE KANALAK

Informa zaitez MUBILen gaineko albisteez gure kanalen bidez.