MUBIL Mobility Expok sendo amaitu du laugarren edizio hau eta mugikortasun jasangarriaren hitzordu profesional nagusietako bat bihurtu da
Parametro guztien arabera, MUBIL Mobility Expo punta-puntako erakusleiho bihurtu da mugikortasun jasangarriaren ekosistema handiarentzat. 105 enpresa erakusketariz gain, 2.000 pertsonak parte hartu dute.
Enpresa erakusketariek bisitarien «kalitatea» nabarmendu dute, dela erosteko ahalmenagatik, balizko sinergiengatik edota harreman komertzialak abiarazteko gaitasunagatik.
Bestalde, bisitariek erakusketarien proposamenen aniztasuna eta kalitatea goraipatu dituzte. Pertzepzio horren froga, bisitariek MUBIL Mobility Expon eman duten batez besteko denboraren gorakada.
Azken batean, bisitariek aurrez aurre ikusi ahal izan dute zer-nolako bilakaera izaten ari den mugikortasun jasangarriaren balio-katea eta zer joera izango diren funtsezkoak sektoreak datozen urteotan izango duen bilakaeran.
Ildo horretan, nabarmentzekoa da oso harrera ona izan dutela enpresa erakusketarien eta bisitarien aldetik mahai-inguruek eta fast interview direlakoek. Conference Arean egin dira, mugikortasun jasangarriarekin lotutako egungo gaiak jorratzeko, hala nola bateriak, kargatzeko azpiegitura, garraio multimodala, ibilgailu autonomoa, mugikortasun jasangarrirako zerbitzu eta azpiegitura adimendunak, mugikortasun partekatua edo hidrogenoa.
Azoka sustatzen duen MUBIL erakundearen zuzendari Igor Villarrealen hitzetan «uste dut triunfalismoan erortzeko beldurrik gabe esan dezakegula hau izan dela MUBIL Mobility Exporen ediziorik onena. Nik arrakasta handia izan duela esango nuke. Horren erakusgarri dira datuak eta azokak iraun dituen bi egunetan enpresa erakusketariekin eta bisitariekin izan ditugun elkarrizketak. Harreman komertzialak landu dira eta aukera izan dugu guztiok ezagutzak eta esperientziak partekatzeko, puri-purian dagoen sektore bati lotuta: mugikortasun jasangarria».
Enpresek zein bisitariek erakutsitako gogobetetze-indizeak baieztapen horiek berresten ditu. Egindako inkesten emaitzen arabera, inkestatutako enpresen % 82k MUBil Mobility Expo-ren hurrengo edizioan parte hartuko lukete.
MUBIL Mobility Expo
MUBIL Mobility Expo, Europako hegoaldeko mugikortasun jasangarriaren industriaren azoka profesionala, MUBILek bultzatzen du, zeina Euskadiko mugikortasun adimendun eta jasangarriaren polo bat den, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan sortua, eta Eusko Jaurlaritzaren eta EEE Energiaren Euskal Erakundearen babesa du. Xedea du sektore horretan dauden gaitasunak indartzea, haien garapena bultzatzea eta alor horretako enpresa-sareak nazioartean duen lehiakortasuna eta posizionamendua indartzea.
MUBIL Mobility Expo topaketa profesional bat da, garbia, eskuragarria, segurua eta konektatua den mugikortasunaren balio-katearena. Espazio horretan, eragile publiko eta pribatu nagusiak biltzen dira, eta bertan, irtenbide industrialak eta digitalak aurkitzen dira, mugikortasun jasangarriak gaur egun dituen beharrei eta gerora izango dituen erronkei erantzuteko.
Gehiago irakurri