MUBIL Mobility Awards sariek parte-hartzearen errekorra hautsi dute eta nazioarteko proiekzioa indartu dute
MUBIL Mobility Awards sarien seigarren edizioak 65 proiekturekin itxi du izena emateko epea. Sariak sortu zirenetik izandako kopururik handiena da, aurreko edizioan baino % 6,5 gehiago.
MUBIL Mobility Awards sariek hazten eta mugikortasun adimendun eta jasangarriaren arloko berrikuntzarako erreferentziazko plataforma gisa sendotzen jarraitzen dute. Seigarren edizioak izena emateko epea 65 proiekturekin itxi du; sariak sortu zirenetik izandako kopururik handiena da, eta aurreko edizioan baino %6,5 gehiago.
Sarien nazioarteko dimentsioak ere indartzen jarraitzen du. Hautagaitzen ia erdia (%44,6) atzerritik iritsi da, Europako 14 herrialdetatik, Estatu Batuetatik eta Indiatik aurkeztutako proiektuekin. Datu horrek berresten du MUBIL ekosistemak mundu osoko startup eta enpresa berritzaileen artean gero eta erakargarritasun handiagoa duela. Horrez gain, 10 hautagaitza Euskaditik eta Nafarrotik aurkeztu dira, eta 26 Estatuko gainerako lurraldeetatik.
Aurkeztutako ekimenek sektorearen eraldaketarako funtsezko hainbat esparru hartzen dituzte barne, besteak beste, mugikortasun elektrikoa, konektatua, autonomoa, partekatua eta horiei lotutako azpiegiturak. Datozen asteetan, batzorde teknikoak proposamen guztiak ebaluatuko ditu, proiektu finalistak hautatzeko.
Edizio honekin, MUBIL Mobility Awards sariek guztira 277 proiektu teknologiko jaso dituzte sortu zirenetik. Horrela, Europan irtenbide berritzaileak sustatzeko eta horiek Euskadiko industria- eta teknologia-ekosistemarekin konektatzeko ekimen nagusietako bat direla berretsi dute.
Proiektu finalistak irailaren 22an jakinaraziko dira, eta urriaren 22an beren proposamenak aurkeztu eta defendatuko dituzte berrikuntzaren, mugikortasunaren, inbertsioaren eta teknologia-ekintzailetzaren arloko erreferentziazko profesionalek osatutako epaimahaiaren aurrean.
Bi proiektu irabazleek 16.500 euro jasoko dituzte sari ekonomiko gisa, eta, horrez gain, 18.500 euroko finantzaketa osagarria izango dute beren irtenbideak mugikortasun adimendun eta jasangarriaren euskal ekosistemako eragileekin batera garatzeko. Era berean, 12 hilabetez MUBIL Centeren lan egiteko espazioa, hedabide espezializatuetan zabalkundea eta MUBIL Mobility Expo azokan —sektoreko Europako topaketa profesional nagusietako batean— ikusgarritasuna izango dituzte.