MUBIL Mobility Awards sariek nazioarteko aintzatespena lortzen jarraitzen dute: atzerriko enpresen partaidetza laukoiztu egin da
Laugarren edizio honek MUBIL Mobility Awards sarien hazkundea berresten du; izan ere, parte-hartzaileen kopurua % 53 handitu da 2023arekin alderatuta.
- Oraingo honetan, EAEko zortzi proiektuk, Espainiako gainerako herrialdeetako 24k eta nazioarteko 23k eman dute izena. Datorren irailaren 26an jakinaraziko dira proiektu finalistak, eta urriaren 24an egingo den azken ekitaldian ezagutaraziko dira irabazleak.
- Lehen eta bigarren sailkatuen artean 16.500 euroko saria banatuko da. Aldi berean, beste 18.500 euro finantzaketara bideratuko dira, proiektu irabazleak mugikortasun adimendun eta jasangarriaren euskal ekosistemako eragileekin lankidetzan gara daitezen.
MUBIL Mobility Awards 2024 sarietara hautagaitzak aurkezteko epea hazkunde nabarmenarekin amaitu da. Laugarren edizioan, partaidetza orokorra % 53 igo da 2023 urtearekin alderatuta, baina, batez ere, nabarmentzekoa da nazioarteko proiektuak % 188 hazi direla aurreko edizioarekiko.
Parte-hartze handiena izan duten atzerriko herrialdeak Italia, Frantzia eta Alemania izan dira, eta guztira 14 herrialdetako 23 nazioarteko proiektu aurkeztu dira. Aldi berean, EAEtik eta Nafarroatik etorritako zortzi lanek eman dute izena, eta beste 24 Espainiako gainerako autonomia-erkidegoetatik jasotakoak dira. Aurtengoan, proiektu gehien aurkeztu dituzten lurraldeak Madril, Katalunia eta Valentzia izan dira.
Datorren irailaren 26an iragarriko dira proiektu finalistak, eta irabazleak, berriz, datorren urriaren 24an egingo den azken ekitaldian ezagutaraziko dira. Topaketa hori gizarte-berrikuntzaren arloan aditua den Antonella Brogliak zuzenduko du hirugarren urtez jarraian, eta finalistek pitch formatuko aurkezpenak egingo dituzte publikoaren aurrean, euren ekimenek etorkizuneko mugikortasuna nola aldatuko duten azaltzeko. Aurretik, goizez, epaimahaiaren aurrean defendatuko dituzte proiektuak.
Lehen eta bigarren sailkatuen artean 16.500 euroko saria banatuko da. Aldi berean, beste 18.500 euro finantzaketara bideratuko dira, proiektu irabazleak mugikortasun adimendun eta jasangarriaren euskal ekosistemako eragileekin lankidetzan gara daitezen. Gainera, MUBIL Hub delakoan parte hartzeko aukera izango dute. Gune horrek 12 hilabeterako lan-eremu bat eskainiko die irabazleei, baita MUBIL Mobility Expo topaketan bere standa izateko aukera ere. MUBIL Mobility Expo mugikortasun iraunkorraren industriaren Europa mailako erreferentziazko elkargune profesionala da.
Epaimahaia, besteak beste, honako aditu hauek osatuko dute: Carolina Rodríguez Arias, ENISAko Sustapen arduraduna; Jokin Lopetegi, CAFeko Garapen Korporatiboko eta Negozio Berrietako arduraduna; Marisa Arriola, BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzailea; Martí Massot, EIT Urban Mobility Innovation Hub South-eko Hiri Garapeneko arduraduna; eta Noshin Omar, ABEE Group-eko sortzaile eta presidentea.
MUBILek Euskadin mugikortasun adimendun eta jasangarriaren arloan ekimenak bultzatzen dituzten eragile publiko eta pribatuen ahaleginak biltzen ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan sortu zen MUBIL, eta Eusko Jaurlaritzaren eta EEEren (Energiaren Euskal Erakundea) babesa du. Bere ekintza-ardatzen artean daude eragileen arteko lankidetza, ezagutzaren kudeaketa, azpiegitura teknologikoa eta ekintzailetza. Gainera, denbora gutxi barru jarriko dute martxan MUBILen behin betiko egoitza Donostian. 10.000 m2-ko instalazioak izango ditu, punta-puntakoak, eta inguruan beste 38.000m2 edukiko ditu, non beste eragile batzuen ekimenak ezarriko diren, hala nola CEIT, CIDETEC, TECNALIA, VICOMTECH eta City Science Lab Gipuzkoa proiektua, MITeko Media Lab taldearekin lankidetzan.