MUBIL Mobility Awards 2026 sariek Europako sei proiektu hautatu dituzte finalerako, inoiz baino parte-hartze handiagoa izan duen seigarren edizio honetan
Espainiako, Frantziako, Italiako eta Poloniako sei proiektu teknologiko lehiatuko dira MUBIL Mobility Awards 2026 sarietako finalean. Ekitaldia datorren urriaren 22an egingo da Donostian.
- Ekitaldia datorren urriaren 22an egingo da Donostian. Seigarren edizioak parte-hartze marka hautsi du, 65 hautagaitzarekin; aurreko urtean baino % 6,5 gehiago eta sariak sortu zirenetik izan den kopururik handiena.
- Nazioarteko proiektuek ere gora egin dute: 29 proiektu, guztizkoaren % 44,6, atzerritik datoz; 14 herrialdetatik, hain zuzen ere.
MUBIL Mobility Awards 2026 sarietako batzorde teknikoak hautatu ditu dagoeneko sei proiektu finalistak. Seigarren edizio honetan, Espainiako, Frantziako, Italiako eta Poloniako proiektuak aukeratu dituzte, eta honako arlo hauekin loturiko soluzioak eskaintzen dituzte: ibilgailu elektrikoak kargatzeko sistemak, tren eta autobusen autonomia, mugikortasun konektatua, bizikleta elektrikoetarako propultsio-sistemak eta lehengai kritikoak berreskuratzea.
Sei proiektu finalistak seigarren edizio honetan jasotako 65 hautagaitzen artean hautatu dituzte; sariak sortu zirenetik izan den kopururik handiena da. Aurkeztutako proposamenen ia erdia atzerritik dator.
Finalistek datorren urriaren 22an Donostian defendatuko dituzte beren proiektuak, MUBIL Mobility Awards sarietako epaimahaiaren aurrean. Bi proiektu irabazleek 16.500 euro banatuko dituzte saritan, eta beste 18.500 euroko finantzaketa izango dute beren soluzioak garatzeko, euskal mugikortasun adimentsu eta jasangarriaren ekosistemako eragileekin elkarlanean. Horrez gain, hamabi hilabetez lan egiteko espazioa izango dute MUBIL Centerren, hedabide espezializatuetan hedapena izango dute eta ikusgarritasuna lortuko dute MUBIL Mobility Expon.
Hautatutako proiektuak hauek dira: BATTERYFLY, Paternakoa (Espainia); FUTURAIL, Estrasburgokoa (Frantzia); LetMePark, Madrilgoa (Espainia); NICHE MOBILITY, Gironakoa (Espainia); RAREARTH, Anconakoa (Italia); eta SmartDEPOT™, Gliwicekoa (Polonia).
Sei proposamenek gaur egun mugikortasun adimendun eta jasangarria eraldatzen ari diren teknologien aniztasuna islatzen dute. Soluzioek hainbat arlo hartzen dituzte, besteak beste, karga- eta energia-kudeaketarako sistema berriak, gidatze autonomoa, mugikortasun-zerbitzuen digitalizazioa, bizikleten elektrifikazioa eta material estrategikoei aplikatutako ekonomia zirkularra.
Paternan egoitza duen BATTERYFLY enpresak energia sortzea, biltegiratzea eta hornitzea bateratzen dituen soluzio energetiko eramangarri, bidirekzional eta adimenduna garatu du. Sistemak berrerabilitako bateriak erabiltzen ditu, eta energia- eta karga-azpiegiturak sare elektrikotik partzialki edo modu erabat independentean hedatzea errazteko diseinatuta dago. Aplikazio posibleen artean daude industria-floten elektrifikazioa, azken miliako logistika, sare-konexiorik gabeko eremuetako karga edo egoera kritikoetako energia-hornidura.
Frantziako FUTURAIL enpresa plataforma teknologiko integral bat garatzen ari da, tren-ibilgailuen autonomian aurrera egiteko. Konpainiak hiru soluzio lantzen ditu —Detect, Localize eta Signal—, oztopoak eta inguruko elementuak identifikatzeko, ibilgailuak trenbide-sarean duen kokapen konkretua zehazteko eta trenbideko seinaleak interpretatzeko. Bere ibilbide-orriak autonomia pixkanaka ezartzea aurreikusten du: lehenik, gidariari laguntzeko sistemekin eta trenbideko instalazioetako operazioekin hasita, eta, ondoren, konplexutasun handiagoko trenbide-inguruneetara hedatuz.
Madrilen egoitza duen LetMePark enpresak konektatutako ibilgailurako kopilotu adimendun bat proposatu du. Kopilotuak ibilbide bati lotutako hainbat zerbitzu esperientzia bakar batean integratzen ditu, hala nola karga, aparkalekua, bidesariak edo erregaia hartzea. Bere teknologiak adimen artifiziala, ibilgailutik jasotako datuak eta denbora errealeko informazioa uztartzen ditu, gidariaren beharrak aurreikusteko eta ibilbide berean hainbat aplikazio eta ordainketa-prozesu erabiltzeko beharra murrizteko.
Gironan kokatua, NICHE MOBILITY enpresak ADTS 2.0 Biometrikoa aurkeztu du, bizikleta elektrikoetarako propultsio-sistema adimendun eta moldakorra. Konpainiak motorra, transmisio digital automatikoa eta teknologia adimendunak integratzen dituzten sistemak garatzen ditu, eta soluzio honekin biometria eta adimen artifiziala txertatzen ditu, laguntza elektrikoa erabiltzailearen arabera automatikoki egokitzeko eta gidatzeko esperientzia optimizatzeko.
Italiako RAREARTH enpresak ekonomia zirkularraren printzipioak mugikortasun elektrikoarekin lotutako teknologia ugaritarako funtsezko osagai estrategiko bati aplikatzea proposatu du: lur arraroetako iman iraunkorrei. Enpresak gailu elektriko eta elektronikoen hondakinetatik datozen materialak berreskuratzen ditu, % 100 birziklatutako materialarekin fabrikatutako NdFeB iman iraunkorrak —neodimioan oinarrituak— ekoizteko. Hautagaitzak berak emandako datuen arabera, bere prozesuak berotegi-efektuko gasen emisioak % 90 baino gehiago gutxiagotzea eta ur-kontsumoa % 99 baino gehiago murriztea ahalbidetzen du, lehen mailako meatzaritzan eta ohiko fintze-prozesuetan oinarritutako prozesuekin alderatuta.
Finalisten multzoa SmartDEPOT™ enpresa poloniarrak osatzen du. Enpresak autobusen garaje barruko mugimenduetarako gidatze autonomoko teknologia garatzen du. Soluzioari esker, hiri-autobus bat gidaririk gabe mugi daiteke, abiadura txikian eta ingurune pribatu, hesitu eta kartografiatu batean, aparkatzeko, karga-puntuetara joateko, garbiketa-lantegietara edo tailerretara eramateko eta antzeko eragiketak egiteko. Sistemak gidatze autonomoa, drive-by-wire teknologia eta operadorearentzako gainbegiratze- eta koordinazio-plataforma bat uztartzen ditu; modu autonomoa, berriz, desaktibatuta dago ibilgailua bide publikoetan zirkulatzen duenean.
Errekorreko edizioa, gero eta nazioartekoagoa
Batzorde teknikoak sei proposamen hauek hautatu ditu MUBIL Mobility Awards sarien seigarren edizioan jasotako 65 hautagaitzen artean. Kopuru hori aurreko urtean baino % 6,5 handiagoa da, eta sariak sortu zirenetik erregistratutako handiena.
Nazioarteko dimentsioak ere protagonismo handia izan du. Aurkeztutako proiektuen artean, 29 (% 44,6) atzerritik datoz, eta hori ere orain arte lortutako kopururik handiena da. Nazioarteko hautagaitzak 14 herrialdetatik iritsi dira, batez ere Italiatik, Frantziatik eta Portugaletik, baina baita Alemaniatik, Erresuma Batutik, Kroaziatik, Danimarkatik, Esloveniatik, Hungariatik, Poloniatik, Txekiar Errepublikatik, Errumaniatik, Estatu Batuetatik eta Indiatik ere. Horiez gain, Euskaditik eta Nafarroatik datozen hamar proiektu eta Estatuko gainerako lurraldeetatik datozen beste 26 aurkeztu dira.
Edizio honetako hautagaitzekin, MUBIL Mobility Awards sariek dagoeneko 277 proiektu teknologiko jaso dituzte sortu zirenetik, eta, horrela, mugikortasun adimendun eta jasangarrian soluzio berritzaileak identifikatzeko eta horiek Euskadiko industria- eta teknologia-ekosistemarekin konektatzea errazteko sortutako ekimena sendotu dute.
Finala, urriaren 22an
Hautatutako sei proiektuen ordezkariek beren proposamenak defendatuko dituzte datorren urriaren 22an, MUBIL Mobility Awards 2026 sarietako epaimahaiaren aurrean. Ekitaldia 18:30ean egingo da Tabakaleran (Donostia), eta aurten ere Antonella Broglia gizarte-berrikuntzan aditua den nazioarteko profesionalak gidatuko du. Jardunaldian, finalistek beren soluzioak eta mugikortasun adimendun eta jasangarriaren arloan dituzten aplikazioak aurkeztuko dituzte. Sari-banaketa ekitaldira doan sartu ahal izango da, aurrez lekua erreserbatuta.
Edizio honetarako iragarritako epaimahaia honako hauek osatzen dute: Anna Burgués, EIT Urban Mobilityko Investment Portfolio Manager-a; Asier Rufino, Tecnalia Ventures-eko CEO eta sortzaileetako bat; César Gutiérrez, MUBILeko zuzendari nagusia; Daniel Pérez, Zunderreko CEO eta sortzaileetako bat; Marisa Arriola, BIC Gipuzkoako zuzendari gerentea; Patrick McGirr, AICCko zuzendariordea; Sylvie Notary, EDF Commerce Sud-Ouesteko Akitaniako Berrikuntza arduraduna; eta Xabier Pérez Sarasola, CAFeko Berrikuntza Teknologikoko Estrategia Arloko arduraduna.
MUBIL Mobility Awards sariak MUBILek antolatutako ekimena dira, eta mugikortasun elektriko, konektatu, autonomo eta partekatuarekin eta horri lotutako azpiegiturekin zerikusia duten proiektu teknologikoak dituzte ardatz. Helburua da irtenbide berritzaileak identifikatu eta ikusgarri egitea, eta euskal ekosistemako enpresa eta eragileekin harremanetan jartzea, garapen teknologikoa bultzatzeko eta mugikortasunaren erronka nagusiei erantzuteko.
MUBIL Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako ekimena da, Etorkizuna Eraikiz estrategiaren barruan, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) babesa du. Enpresak, startupak, zentro teknologikoak eta erakundeak konektatzeko eta mugikortasun adimendun eta jasangarriaren garapena bizkortzeko lan egiten du.
Ekitaldira joateko izen-emateak: labur.eus/Mubil2026