25.09.25

MUBIL Mobility Awards 2025 sarien finalera iritsi diren nazioarteko bi proiektuak eta Estatuko hiruak iragarri dituzte

Batzorde teknikoak Poloniako enpresa bat (BATTERY WATCHDOG – WEAVAIR), Alemaniako bat (ELU MOBILITY), eta Espainiako hiru hautatu ditu: ESEA PROPULSION (Mahon), FLOATECH (Getafe) eta HYDROS POWER (Alacant)

MUBIL Mobility Awards defentsak

Urriaren 23ko ekitaldian ezagutaraziko dira bi proiektu irabazleak: 16.500 euro banatuko dituzte saritan, eta beste 18.500 euro finantzaketan, proiektuak mugikortasun adimendun eta jasangarriko euskal ekosistemako eragileekin lankidetzan garatzeko.

Bosgarren edizioak MUBIL Mobility Awards sarien hazkundea berresten du; izan ere, parte-hartzaileen kopurua % 9 igo da 2024arekin alderatuta.

MUBIL Mobility Awards 2025 sarien bost proiektu finalistak ezagutzera eman berri dira. Bosgarren edizioan, sariek inoiz baino oihartzun gehiago lortu dute nazioartean, eta sendotu egin dute beren posizioa, mugikortasun adimendun eta jasangarrian berritzeko erreferentziazko plataforma gisa.


Hautatutako proiektuak honakoak dira: BATTERY WATCHDOG – WEAVAIR poloniarra, baterien egoera monitorizatzeko sistema eta adimen artifizialean oinarritutako ibilgailu elektrikoetarako kudeaketa prediktiboa proposatzen duena; ELU MOBILITY alemaniarra, salgaien garraio elektrikoa errentagarria egin nahi duena; eta Espainiako hiru proiektu: ESEA PROPULSION (Mahon), sektore nautikorako abangoardiako propultsio elektrikoko sistemetan diharduena; FLOATECH (Getafe), hurrengo ion-litiozko baterien belaunaldirako silizio-papera eskaintzen duena, mugikortasun elektrikoan autonomia eta karga ultra-azkar handiagoa baitu; eta HYDROS POWER (Alacant), hidrogenozko teknologiak asmatu dituena bateriak irtenbide bideragarritzat ez dituzten sektoreak deskarbonizatzeko.

Batzorde teknikoak nazioarteko 27 herrialdetatik jasotako 61 hautagaitza ebaluatu ditu, 7 Euskadikoak eta 27 Estatukoak, eta bost finalista horiek hautatu ditu, sarien arlo estrategikoekin lerrokatuta daudelako: mugikortasun elektrikoa, konektatua, autonomoa, partekatua eta lotutako azpiegiturak.


Datuek erakusten dute sari hauek gero eta ospe gehiago dutela nazioartean. Zehazki, azken fasera iritsi nahi zuten nazioarteko 27 proiektuetatik 21 Europatik iritsi dira (gehienak Frantziatik, Alemaniatik eta Italiatik), eta gainerako seiak Afrikatik (5) eta Asiatik (1). Horrek erakusten du parte hartzen duten profilen aniztasun geografikoa areagotu egin dela.

Epaimahaia honakoek osatu dute aurten: Xabier Pérez (CAFeko Berrikuntza Teknologikoko Estrategia Arloko arduraduna), Marisa Arriola (BIC Gipuzkoako zuzendari gerentea), Imanol Rego (Irizar Group-eko CEOa), Daniel Pérez (Zunder-eko CEO eta fundatzailea), Jim Ahtes (Gaia-X Espainiako Mugikortasun Lantaldeko koordinatzailea) eta Sergi Milan (EIT Urban Mobility-ko Berrikuntzako Aholkularia).

Azken ekitaldia urriaren 23an izango da


MUBILek mugikortasun adimendun eta jasangarrian diharduten startup-ei ematen dizkien sari hauek helburu bikoitza dute: sektorean joera markatzen duten proiektu berritzaileak identifikatzea eta ikusaraztea, eta euskal ekosistemako eragileekin konektatzea, garapen teknologikoa bultzatu eta etorkizuneko mugikortasunaren erronka handiei irtenbideak bilatzeko.

Bost proiektu finalistetako ordezkariek beren proposamenak defendatuko dituzte datorren urriaren 23an, epaimahaiaren aurrean. Berrikuntza sozialean aditua den Antonella Broglia izango da gidari, eta finalistek azaldu beharko dute euren irtenbideek nola eraldatu dezaketen etorkizuneko mugikortasuna.

Lehen eta bigarren sailkatuek 16.500 euro banatuko dituzte saritan, eta beste 18.500 euro finantzaketan, proiektuak mugikortasun adimendun eta jasangarriko euskal ekosistemako eragileekin lankidetzan garatzeko. Gainera, MUBIL Huben sartuko dira eta 12 hilabetez lan egiteko espazioa izango dute MUBIL Centerren, baita stand propioa izan ere MUBIL Mobility Expo bilkuran (2026ko martxoak 25 eta 26, Ficoban-Irun), mugikortasun jasangarriaren industriaren Europako hegoaldeko topagune profesionalean.

MUBIL Mobility Awards sariek bosgarren edizioa beteko dute 2025ean. Guztira, bost urte hauetan oinarri teknologikoko 212 proiektu jaso dituzte, horietatik heren bat beste herrialde batzuetakoak. Hala, egiaztatzen da sariak ospea lortzen ari direla nazioartean, mugikortasun jasangarriaren sektorean. Datu gisa, nazioarteko presentzia hirukoiztu egin da azken bi urteetan.

Gehiago irakurri
JARRAITU GURE KANALAK

Informa zaitez MUBILen gaineko albisteez gure kanalen bidez.