FUTURAIL eta Niche Mobility enpresek irabazi dituzte 2026ko MUBIL Mobility Awards sariak, trenbideko garraio autonomoaren eta bizikleta elektriko eskuragarrien aldeko soluzioekin
MUBILek sustatutako sarien seigarren edizioan, Estrasburgoko (Frantzia) eta Gironako (Espainia) proiektuak nagusitu dira. Sari horiek mugikortasun adimendun eta jasangarrirako soluzio teknologiko berritzaileenak aitortzen dituzte.
- MUBIL Mobility Awards sariek inoizko ediziorik arrakastatsuena itxi dute: 65 hautagaitza jaso dituzte, aurreko urtean baino % 6,5 gehiago, eta inoizko nazioarteko parte-hartzerik handiena izan dute, 14 herrialdetako 29 proiekturekin.
Donostia, 2026ko urriaren 23a. — Trenbideko ibilgailuen autonomia sustatzeko plataforma teknologiko bat lantzen duen Frantziako (Estrasburgo) FUTURAIL enpresak eta bizikleta elektrikoetarako propultsio-sistema adimendun eta moldakorra aurkeztu duen NICHE MOBILITY enpresak (Girona) irabazi dituzte 2026ko MUBIL Mobility Awards sariak. Sarien azken ekitaldia atzo egin zen Tabakaleran (Donostia).
Bi proiektuak sarien batzorde teknikoak hautatutako sei finalisten artean nagusitu dira. Seigarren edizio honetan, batzordeak 65 hautagaitza ebaluatu ditu, sariak sortu zirenetik inoizko kopururik handiena. Proposamenen ia erdiak atzerritik iritsi dira, eta horrek agerian uzten du mugikortasun adimendun eta jasangarriaren arloan erreferente diren sari hauen nazioarteko proiekzioa.
Etorkizuneko mugikortasunerako teknologia eta inpaktua
Lehen saria, 12.500 eurokoa, Estrasburgon egoitza duen FUTURAIL enpresak jaso du. Konpainiak trenbideko ibilgailuen autonomia garatzeko plataforma teknologiko integrala lantzen du, hiru soluziotan oinarrituta. Horiei esker, oztopoak eta inguruneko elementuak identifikatu, ibilgailua trenbide-sarean non dagoen zehaztu eta tren-seinaleak interpretatu daitezke. Bere ibilbide-orriak autonomiaren ezarpen mailakatua aurreikusten du: gidariari laguntzeko sistemekin eta trenbideko instalazioetan egiten diren eragiketekin hasi eta, ondoren, gero eta konplexuagoak diren trenbide-inguruneetara aurrera egiteko.
Bestalde, NICHE MOBILITY enpresak, Gironan (Espainia) egoitza duenak, bigarren saria jaso du, 4.000 eurokoa. Konpainiak ADTS 2.0 Biométrico aurkeztu du, bizikleta elektrikoetarako propultsio-sistema adimendun eta moldakorra. Enpresak motorra, transmisio digital automatikoa eta teknologia adimendunak integratzen dituzten sistemak garatzen ditu. Soluzio horren bidez, biometria eta adimen artifiziala txertatzen ditu, laguntza elektrikoa erabiltzaile bakoitzera automatikoki egokitzeko eta bizikletaz ibiltzeko esperientzia optimizatzeko.
Sariaren diru-kopuruaz gain, bi proiektuek beste 18.500 euroko finantzaketa jasoko dute (12.500 euro lehen sailkatuarentzat eta 6.000 euro bigarrenarentzat), beren soluzioak garatzen jarraitzeko, Euskadiko mugikortasun adimendun eta jasangarriaren ekosistemako eragileekin lankidetzan. MUBIL Hub sareko kide ere izango dira, eta hamabi hilabetez lan egiteko espazioa izango dute MUBIL Centerren. Horrez gain, ikusgarritasuna izango dute hedabide espezializatuetan, eta protagonismo berezia izango dute 2028an Ficoban (Irun) egingo den hurrengo MUBIL Mobility Expo azokan.
Parte-hartze errekorra eta gero eta nazioartekoagoa
2026ko MUBIL Mobility Awards sariek parte-hartze errekorra hautsi dute, 65 hautagaitzarekin, aurreko urtean baino % 6,5 gehiago. Nazioarteko dimentsioak ere inoizko mailarik handiena lortu du: 29 proiektu —guztizkoaren % 44,6— atzerritik etorri dira, 14 herrialdetatik. Gehienak Italiatik, Frantziatik eta Portugaletik iritsi dira, baina baita Alemania, Erresuma Batua, Kroazia, Danimarka, Eslovenia, Hungaria, Polonia, Txekiar Errepublika, Errumania, Estatu Batuak eta Indiatik ere. Horiez gain, Euskadiko eta Nafarroako hamar proiektu aurkeztu dira, baita Estatuko gainerako lurraldeetako beste 26 ere.
Epaimahaiak bereziki baloratu ditu proposamenen eraldatzeko gaitasuna eta bideragarritasun teknologikoa. Saritutako bi proiektuez gain, beste lau izan dira finalistak: BATTERYFLY (Paterna), berrerabilitako baterietan oinarritutako energia-soluzio eramangarri eta noranzko bikoa garatzen duena, kargatzeko azpiegitura ezartzeko; LetMePark (Madril), ibilgailu konektatuetarako kopilotu adimenduna lantzen duena, karga, aparkalekua eta bidesariak bezalako zerbitzuak integratuz; SmartDEPOT™ by Autonomous Systems (Polonia), autobusak garaje barruan mugitzeko gidatze autonomoko teknologia garatzen duena; eta Italiako RAREARTH (Ancona), hondakin elektronikoetatik lortutako % 100 birziklatutako materialarekin lur arraroen iman iraunkorrak ekoizten dituena.
Berrikuntza sozialean nazioarteko aditua den Antonella Brogliak aurkeztutako sari-banaketa ekitaldian, mugikortasun adimendun eta jasangarriaren garapenarekin lotutako 150 pertsona baino gehiago bildu ziren. Horien artean izan ziren MUBILekin lankidetzan aritzen diren sektoreko enpresak, mugikortasunaren inguruko ekonomia sustatzeko lanean dihardutenak, baita zentro teknologikoak eta Gasteizko eta Donostiako unibertsitateetako ingeniaritza-programa desberdinetako ikasleak ere. Halaber, ekosistemako hainbat elkarte eta erakunde garrantzitsuk ere parte hartu zuten.
Bertaratutakoek aukera izan zuten proiektu finalisten ‘pitch’ aurkezpenak zuzenean entzuteko eta haien sustatzaileengana hurbiltzeko, lankidetza-aukerak eta garapen teknologiko bateraturako aukerak aztertzeko.
Goizean, sei finalistak beren proiektuak aurkeztu zituzten. Epaimahaia honako hauek osatu zuten: Anna Burgués, EIT Urban Mobilityko Investment Portfolio Manager-a; Asier Rufino, Tecnalia Ventures-eko CEO eta sortzaileetako bat; César Gutiérrez, MUBILe-ko zuzendari nagusia; Daniel Pérez, Zunder-eko CEO eta sortzaileetako bat; Marisa Arriola, BIC Gipuzkoako zuzendari gerentea; Patrick McGirr, AICCko zuzendariordea; Sylvie Notary, EDF Commerce Sud-Ouesteko Akitania Berriko Berrikuntza arduraduna; eta Xabier Pérez Sarasola, CAFeko Berrikuntza Teknologikoko Estrategia Arloko arduraduna. Epaimahaiak hautagaitza guztien bikaintasun teknikoa eta lankidetzarako potentziala nabarmendu zituen.
Erakundeetako ordezkarien presentzia eta erreferentziazko ekosistema
Sari-banaketan Eider Mendoza diputatu nagusia egon zen, eta lehiaketako startup irabazleak zein gainerako finalistak zoriondu zituen, haien proposamenen “berrikuntzarako indarragatik”. Haren esanetan, gero eta enpresa-proiektu gehiagok parte hartzeak eta horien nazioarteko izaera gero eta handiagoak erakusten dute MUBIL mugikortasun jasangarriko poloaren erreferentzialtasuna Europan hazten eta sendotzen ari dela.
“Gipuzkoan apustu sendoa egiten ari gara gure industriaren eraldaketaren eta etorkizuneko industriaren garapenaren alde. Gaur egun ditugun gaitasunei eta enpresa traktoreen indarrari esker, mugikortasun jasangarriari lotutako industria etorkizuneko jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua bultzatuko dituzten esparruetako bat da. Lurralde irekia gara, eta, lankidetzan oinarritutako ikuspegitik, laguntzez eta aukerez betetako ekosistema oso bat eskaintzen dugu beren enpresa- eta lanbide-proiektuak garatu nahi dituztenentzat. Ahalegin kolektibo honekin bat egitera gonbidatzen zaituztegu”, adierazi zuen.
Sei urte mugikortasun adimenduna eta jasangarria bultzatzen
Edizio honekin, MUBIL Mobility Awards sariek sei urte bete dituzte, mugikortasunaren arloko proiektu teknologikoentzako erreferentziazko plataforma gisa sendotuta. Sortu zirenetik, oinarri teknologikoko 277 proiektu jaso dituzte, mugikortasun elektrikoaren, konektatuaren, autonomoaren eta partekatuaren arloko irtenbide berritzaileak identifikatzeko eta Euskadiko industria- eta teknologia-ekosistemarekin harremanetan jartzeko helburuarekin.
Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako eta Eusko Jaurlaritzaren eta Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) babesa duen MUBILek enpresak, startupak, teknologia-zentroak eta erakundeak konektatzeko eta mugikortasun adimendunaren eta jasangarriaren garapena bizkortzeko lan egiten du.
Gehiago irakurri