24.10.25

ESEA Propulsion eta Floatech proiektuek irabazi dituzte MUBIL Mobility Awards 2025 sariak, propultsio elektrikoan eta garraio jasangarrian egindako aurrerapenengatik

Estatuko bi startup gailendu dira MUBILek sustatutako sarien bosgarren edizioan; ekimen honek mugikortasun adimendun eta jasangarriaren arloko soluzio teknologiko berritzaileenak aitortzen ditu.

MUBIL Mobility Awards 2025 winners
  • MUBIL Mobility Awards sariek ospea irabazi dute nazioartean, 61 proiektu lortu baitituzte, eta euskal ekosistemaren posizionamendua sendotu dute Europan, sektoreko erreferente gisa.

 


Donostia, 2025eko urriaren 24a
— MUBIL Mobility Awards 2025 sarien irabazle izan dira Estatuko bi startup: ESEA Propulsion, sektore nautikorako abangoardiako propultsio elektrikoko sistemetan espezializatua, eta Floatech, siliziozko anododun bateria ultralasterren garatzailea. Sari-banaketa ekitaldia atzo egin zen, Tabakaleran (Donostia).

Bi proiektu horiek sarien batzorde teknikoak hautatutako bost finalisten artean gailendu dira. Batzorde horrek, bosgarren edizioan, 27 herrialdetako 61 hautagaitza ebaluatu ditu, eta datu horrek erakusten du mugikortasun adimendun eta jasangarriaren arloko erreferentziazko ekimen honen ospea handitzen ari dela nazioartean.

 

Etorkizuneko mugikortasunerako teknologia eta inpaktua

Lehen saria, 12.500 eurokoa, Mahonen (Menorca) jaiotako ESEA Propulsion proiektuarentzat izan da. Ontzientzako propultsio elektrikoko sistemak garatzen ditu, energia-errendimendua hobetzeko eta itsas garraioaren ingurumen-inpaktua murrizteko helburuarekin. Startupak alternatiba bat eskaintzen du tradizionalki erregai fosilen mende egon den sektore nautikoaren deskarbonizazioan aurrera egiteko.

Bestalde, Madrilgo Floatech startupak eskuratu du bigarren saria, 4.000 eurotan baloratua. Ohiko materialek baino hamar aldiz karga gehiago biltegiratzeko gai diren siliziozko anodoak diseinatu eta fabrikatzea proposatzen du, ibilgailu elektrikoen autonomia areagotzeko. Gainera, anodo mota horiek askoz azkarrago kargatzen duten eta iraunkorragoak, arinagoak eta seguruagoak diren bateriak egiteko aukera ematen dute.

Sari ekonomikoaz gain, beste 18.500 euro jasoko dituzte finantzaketa moduan, proiektuak mugikortasun adimendun eta jasangarriko euskal ekosistemako eragileekin lankidetzan garatzeko. Gainera, MUBIL Huben sartuko dira eta 12 hilabetez lan egiteko espazioa izango dute MUBIL Centerren, baita stand propioa izan ere MUBIL Mobility Expo bilkuran (2026ko martxoaren 25ean eta 26an, Ficoban-Irun), mugikortasun jasangarriaren industriaren Europako hegoaldeko topagune profesionalean.

 

Nazioartekotzeak eta berrikuntza aplikatuak markatutako edizioa

MUBIL Mobility Awards 2025 sariek nazioarteko hedapena handitu dute, parte-hartze marka hautsi eta aniztasun geografiko nabarmena lortu baitute. Aurkeztutako 61 proiektuetatik 27 nazioartekoak izan dira, batez ere Frantziakoak, Alemaniakoak eta Italiakoak, baita Afrikako eta Asiako beste lurralde batzuetakoak ere.

Epaimahaiak bereziki baloratu ditu proposamenen izaera eraldatzailea eta bideragarritasun teknologikoa. Bi sarituez gain, finalista izan dira Battery Watchdog – Weavair (Polonia), adimen artifizialaren bidezko baterien monitorizazio prediktiboan espezializatua; ELU Mobility alemaniarra, salgaien garraio elektrikoa errentagarri bihurtzean zentratua; eta Alacanteko Hydros POWER, elektrifikatzen zailak diren sektoreetarako hidrogeno berdean oinarritutako soluzioetan espezializatua.

Antonella Broglia berrikuntza sozialean adituak gidatutako ekitaldian, bost finalistek beren proiektuak defendatu dituzte enpresetako, zentro teknologikoetako eta mugikortasun-ekosistemako erakundeetako ordezkariek osatutako epaimahai baten aurrean. Epaimahai horrek bikaintasun teknikoa eta hautagaitza guztien lankidetza-potentziala nabarmendu ditu.

 

Erakundeen presentzia eta erreferentziazko ekosistema

Sari-banaketa ekitaldian izan dira Eider Mendoza, Gipuzkoako ahaldun nagusia; Unai Andueza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatua eta MUBILeko presidentea; eta Jaione Ganzarain, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea.

Gipuzkoako ahaldun nagusiak startup irabazle eta finalistak zoriondu ditu, "etorkizuneko mugikortasuna" garatzeko proposamen "oso berritzaileak" ekarri dituztelako. "Mugikortasun iraunkor eta adimenduneko MUBIL zentroa abian jartzeak bultzada handia ematen dio sektoreak lurraldean duen industria-garapenari. Gipuzkoan daukagun anbizioa hazten ari da MUBIL bezalako guneei esker, berrikuntza eta lankidetza sustatzen baitute potentzial handiko esparruetan, eta dagoeneko indargune garrantzitsuak ditugu eremu horietan. Gipuzkoaren etorkizun industrial eta iraunkorra bermatu nahi dugu, baita belaunaldi gazteenen ongizatea eta lanpostuak ere", adierazi du. Bere hitzetan, pertsonen "talentua, ideiak eta berritzeko eta taldean lan egiteko gaitasuna" funtsezkoak dira eta izango dira "zeregin partekatu horretan", urtez urte MUBIL Mobility Awards sariek erakusten duten bezala. "MUBILen eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako industria guztiaren bitartez, Gipuzkoa ematen ari den anbizio-jauzi horretan aktiboki parte hartzera animatzen zaituztet", erantsi du.

MUBIL Center maiatzean inauguratu zen, eta 9.700 m²-ko instalazio teknologikoak eta puntako entsegu-laborategiak ditu energia biltegiratzeko, propultsio elektrikorako eta hidrogeno-pilarako. Ikerketa esparru horiek erreferentziazko gune bilakatzen dute Europan, teknologia aurreratuak baliozkotzeko duen gaitasunagatik.

 

Bost urte etorkizuneko mugikortasuna bultzatzen

MUBIL Mobility Awards sariek bost urte bete berri dituzte mugikortasunaren arloko startup teknologikoetarako erreferentziazko plataforma gisa. Sortu zirenetik, oinarri teknologikoko 200 proiektu baino gehiago jaso dituzte, eta horietatik heren bat beste herrialde batzuetatik etorri dira. Proiektu horien eragin globala eta mugikortasun garbiagoa, konektatuagoa eta eraginkorragoa sustatzeko eginkizuna agerian geratu da.

Gehiago irakurri
JARRAITU GURE KANALAK

Informa zaitez MUBILen gaineko albisteez gure kanalen bidez.